Gure Zinema Saria 2026
Patricia López Arnaiz
2026ko Gure Zinema Sariak Patricia López Arnaizen ibilbidea eta euskal zinema zabaltzeko egindako ekarpena aitortu ditu. Pelikulaz pelikula, gehiago nabarmentzen joan da, eta bere talentua publiko berriengana iritsi da, Euskadi barruan zein kanpoan.
Pantaila handiarekin duen lotura Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren eskutik hasi zen, 80 egunean (2010) filmerako Patricia aukeratu zutenean. Ordutik, López Arnaizek ibilbide sendoa eraiki du, eta publikoaren, sektoreko profesionalen eta jaialdi zein sari ugariren aitortza jaso du, euskal ikus-entzunezkoekin duen lotura estua galdu gabe.
Donostia Zinemaldiaren baitan egindako sari-banaketa ekitaldian, Jon Garaño arduratu zen saria emateaz. Patriciak bere ibilbidean alboan izan dituen pertsona guztiekin partekatu nahi izan zuen aitortza, eta bizitzan «jende onez inguratzeak» duen garrantzia azpimarratu zuen. Euskal zinemak lortu duen heldutasuna ere ospatu zuen, eta «esku artean dugun altxor hau» zaintzeko deia egin zuen, gure emozioen, gure nahien eta geure buruaz dugun pertzepzioaren memoria baita.