Patricia López Arnaiz Gure Zinema saridunak euskal zinemaren “une zoragarria” ospatu du eta “esku artean dugun altxor hau” zaintzeko eskatu du
Patricia López Arnaizek oso hunkituta jaso zuen IV. Gure Zinema Saria, irailaren 19an, larunbata, Donostia Zinemaldiaren baitan egindako ekitaldian. Sariak aktorearen ibilbidea eta euskal zinema zabaltzen egindako ekarpena aitortzen ditu; izan ere, bere ibilbide profesionala filmaz film hazten joan da, eta ikusleen, profesionalen eta zinema-jaialdi eta sari ugariren aitortza jaso du.
Jon Garaño zuzendaria arduratu da Gure Zinema Saria emateaz, López Arnaizekin lotura berezia baitu. Garañok eta Jose Mari Goenagak aktorea aukeratu zuten ‘80 egunean’ (2010) filmean debuta egiteko. Gainera, pelikula hori bi zinemagileen opera prima izan zen. Garañok gogora ekarri du Patriciak berehala liluratu zituela bere begietako distirarekin, eta hura aukeratu ostean aktore bikain baten aurrean zeudela egiaztatu zutela. Bestalde, kontatu du lehen elkarrizketa hartan Patricia gazteak aitortu ziela ez zekiela benetan zinema munduan aritu nahi zuen ala ez. “Eskerrak azkenean horretan aritu den”, esan du barre artean.
Jon Garañok jakinarazi duenez, bigarren aldiz ere aritu ziren elkarrekin lanean, ia inork ezagutzen ez duen lankidetza batean: Patriciak eszena bat grabatu zuen ‘Handia’ filmean. Hala ere, haren esaldiak ez zuen muntaketa-gelako azken hautaketa gainditu, eta filmean figurante bat gehiago bezala agertzen da. Arabako aktoreari beste behin barkamena eskatu ondoren, Garañok eskerrak eman dizkio, Moriartiren izenean, haien izena aipatzeagatik Goya saria irabazterakoan. “Lasaigarria izan zen jakitea ez zegoela hain haserre gurekin”, adierazi du brometan.
Saria jaso ostean, Patricia López Arnaizek Gure Zinemaren aitortza eskertu du eta, irribarre handi batekin, honela erantzun dio Garañori: “Zuengatik esaldi bakarreko paper bat egingo nuke, figurante arituko nintzateke edo kafea prestatuko nizueke”. Bere ibilbidean lagundu dioten pertsona guztiak ere izan ditu gogoan, bere ordezkaritza-agentziatik hasi eta filmaketetan ezagutu dituen profesional guztietaraino. “Garrantzitsua da bizitza honetan jende onez inguratzea, eta horretan zorte handia izan dut”.
Aktoreak euskal zinemak lortu duen heldutasuna ere nabarmendu du, baina, aldi berean, “esku artean dugun altxor hau zaintzeko” eskatu du, “gure emozioen, gure nahien eta geure buruaz dugun pertzepzioaren memoria baita”. Azkenik, zinemagile berriei laguntzen jarraitzearen aldeko apustua egiteko eskatu du, eta bereziki eskerrak eman dizkio publikoari, “Euskadin egindako filmak zinema-aretoetan mimoz zaintzeagatik”.
Apikako presidente Maite Ruiz de Austrik eman dio hasiera ekitaldiari, eta nabarmendu du harrotasun handia sortzen diola López Arnaiz bezalako antzezle baten lanak publiko berriengana iristeak: “Patricia bezalako aktore batek gure mugak zeharkatzen dituenean, bere lana aitortzen denean eta publiko berriengana iristen denean, gure zinemaren zati batek ere berarekin bidaiatzen du”.
Ruiz de Austrik gogorarazi du Gure Zinema Sariak helburu duela sektoreko talentua balioan jartzea eta Euskadin sortutako istorioek “Euskadi barruan zein kanpoan zabaltzen” laguntzen dutenen lana aintzat hartzea ere.