EZAEren ‘Bidaiariak, zinemara!’ kanpaina itzuli da, euskal eta europar zinema sustatzeko
‘Bidaiariak, zinemara!’ kanpainaren hamargarren edizioa bihar (martxoak 27), abiatuko da, euskal eta europar zinema sustatzeko eta publikoa zinema-aretoetara erakartzeko, hobaridun prezioei esker. EZAEren eta Zineuskadiren arteko hitzarmenaren bitartez garatutako kanpainak, aurreko urteetan bezala, bi euroko deskontu zuzena eskainiko du sarreretan. Euskadiko zinema-aretoen elkarteak astero film bat edo bi aukeratuko ditu deskontua jasotzeko. Lehentasuna izango dute euskal eta euskarazko pelikulek, baina europar ekoizpenak ere sartuko dira sustapenean.
Kanpainara atxikitako aretoek automatikoki aplikatuko dituzte deskontuak leihatilan egindako erosketetan, eta kasu batzuetan, baita online egindakoetan ere. Kanpaina ostiral honetan hasiko da, urteko euskal estreinaldirik nabarmenetako batekin kointzidituz: Víctor García Leónek zuzendutako eta Borja Cobeagak idatzitako ‘Altas Capacidades’ euskal ekoizpena.
Lehen bederatzi edizioetan, ospe handia lortu du ‘Bidaiariak, zinemara!’ ekimenak, eta zine-aretoetara ikusle asko gerturatu dira sustatutako filmez gozatzera. 2015ean abiatu zenetik, 217.000 pertsonak baino gehiagok baliatu dute deskontu zuzena, eta 115 filmetan aplikatu da.
Aurtengo edizioan, EZAEko zazpi bazkidek bat egin dute kanpainarekin; hau da, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako 15 zinema-areto eta 76 pantaila. Zehazki, honako areto hauek parte hartuko dute: Donostiako Sade taldeko hiru zinemak (Príncipe, Antiguo Berri eta Trueba); Aretoko biak (Zugaza Durango eta Getxo Zinemak); Bilboko Golem Alhóndiga eta Multicines; Gasteizko Gorbeia eta Florida Zinemak; Errenteriako Niessen Zinemak; eta Hirutek sareko aretoak: Andoaingo Bastero kulturgunea, Zumarragako Zelai Arizti, Villabonako Gurea Antzokia, Oñatiko zinema eta Lazkaoko Areria.