Euskal filmen arrakasta funtsezkoa izan da Euskadiko zinema-aretoen susperraldirako
Euskal zinemaren arrakasta aitortu eta ospatzeko aukera izan genuen atzo Donostia Zinemaldian. EZAE Saria ‘La vida padre’ filmari egokitu zitzaion eta Gure Zinema Saria ‘Cinco lobitos’ lanari. Sari-banaketa ekitaldian euskal zinemaren indarra eta kalitatea aldarrikatu zituzten parte-hartzaileek; izan ere, euskal filmen arrakasta funtsezko faktorea izan da Euskadiko zinema-aretoen susperraldirako.
Alfonso Benegas EZAEko presidenteak azaldu zuenez, 2023an, euskal zinema-aretoen diru-bilketa nabarmen handiagoa izan da 2022ko aldi berarekin alderatuta, eta zifra pandemiaren aurreko urterik onenen datuetara gerturatzen ari da. “Beste sektore batzuek baino denbora gehiago behar izan dugu”, adierazi zuen Benegasek, “baina zinema hiltzat ematen zutenen aurrean, hemen gaude. Denbora gehiago behar izan dugu besterik ez”.
Zehazki, 2019ko urtarrilaren 1etik irailaren 15era bitartean, 3.128.000 ikusle izan ziren Euskadin, eta 2022ko aldi berean, berriz, EAEko aretoetako ikusle kopurua % 43 murriztu zen. Beherakada izugarri handia izan zen, eta gogor eragin zien zinemei. Zorionez, 2023an 2.620.000 ikusle gerturatu dira aretoetara, 2022an baino % 46 gehiago eta 2019an baino % 16 gutxiago.
Sariak
‘La vida padre’ filmeko lantaldearen izenean, Koldo Zuazuak, Kowalski Films ekoiztetxeko arduradunak, eta Joaquín Monzonek, filmaren zuzendariak, jaso zuten atzo EZAEren IX. Saria. Izan ere, 2022an Euskadiko aretoetara ikusle gehien ekarri zituen euskal partaidetzadun ekoizpena izan zen. Zuazuak hirugarren aldiz jarraian jaso du sari hau ekoizle gisa, eta txantxetan aritzeko aukera eman zion: “Proiektuetarako begi ona dugula dirudi”.
Ondoren, ‘Cinco Lobitos’ taldea igo zen Klub Aretoko taulara: Alauda Ruiz de Azúa zuzendari eta gidoilaria, Marisa Fernández Armenteros (Buena Pinta Media) eta Manu Calvo (Encantación Films). Oso pozik agertu ziren I. Gure Zinema Saria jasotzeagatik, baita filmaren meritu eta arrakasta ukaezinengatik ere, kritikaren zein publikoaren babesa jaso baititu. Gainera, jakinarazi zuten “laster” izango direla berriro Euskadin filmatzen.
Hain zuzen ere, Aitor Eneriz Euskal Herriko Gidoilarien Elkarteko presidenteak eman zion Gure Zinema Saria ‘Cinco Lobitos’ pelikulako lantaldeari, eta gidoiak filmen garapen prozesuan duen garrantzia nabarmendu zuen. “Euskal gidoilarien aldeko apustua egin behar dugu, kontatzen diren istorioak gureak izan daitezen bermatzeko”.
José Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendari nagusiak eta Aitziber Atorrasagasti Kultura Sustatzeko zuzendariak ere hartu zuten hitza. Euskal zinemak bizi duen une ona azpimarratu zuten biek, eta konpromisoa hartu zuten beren esparruetatik euskal zinemagintza babesten jarraitzeko.
Gure Zinema
Gure Zinema duela urtebete sortu zen, hain zuzen ere, filmen ekoizpena posible egiten duten sektore guztiak batzeko asmoarekin, ideiaren lehen zirriborrotik hasi eta zinemetan proiektatu arte esku hartzen duten katebegi guztiak bateratzeko, hain zuzen ere. Gure Zinema proiektuaren kide dira Euskadiko hiru ekoizle-elkarteak (Apika, EPE-APV eta Ibaia), EZAE, EiTB eta euskal zinemarekin loturiko gainerako eragileak, jaialdiak, kultur erakundeak eta elkarteak barne, hala nola aktoreena eta gidoilariena. Gainera, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailaren laguntza du ekimenak.






