Euskal filmen estreinaldiek zinema-aretoen susperraldia bultzatu dute 2023an


Albiste onak! 2023an izan ditugun euskal filmen estreinaldiak funtsezkoak izan dira euskal zinema-aretoen hazkunderako. 2022arekin alderatuta, nabarmen handitu dituzte diru-bilketa eta ikusle kopurua. ‘Irati’ eta ‘20.000 erle-espezie’ pelikulen arrakastari esker, eta ‘Upon Entry’ edo ‘Las Buenas Compañías’ filmek lortutako emaitza onei esker, Euskadiko aretoen diru-sarrerak % 40 areagotu dira, eta ikusle kopurua % 34 hazi da.
2023ko balantzean, EZAEk nabarmendu du EAEko datuak Espainiako batez bestekoa baino hobeak direla. Espainian, hain zuzen, ikusle-kopuruaren hazkunde globala % 26koa izan zen 2023an, eta diru-bilketa, berriz, % 30ekoa. Eta pandemia aurreko (2019) datuekiko, ikusleen berreskuratze zifra ere handiagoa da Euskadin.
Datu gisa, ‘Irati’ EAEn arrakasta gehien izan duten 10 filmen artean kokatu da 2023an, ‘Barbie’, ‘Avatar: el sentido del agua’, ‘Super Mario Bros’, ‘Oppenheimer’, ‘Elemental’, ‘Napoleon’ eta ‘Fast & Furious X’ bezalako ekoizpen handiez inguratuta.