Jarrai gaitzazu

Patricia López Arnaiz, IV. Gure Zinema Saria: euskal zinemako aktore handietako bati egindako aitortza

Gure Zinema IV. Sariaren irabazlea Patricia López Arnaiz izango da, egungo euskal zinemako antzezle aitortuenetako bat. Azken urteotan egindako ibilbideari esker, zinemagintzako panorama osoko aktore nabarmenenen artean kokatu da.

Sari-banaketa ekitaldia irailaren 19an egingo da, eta aintzat hartuko dugu aktorearen ibilbidea, Euskaditik eraikitakoa, gure zinemaren bizitasuna eta aniztasuna hobekien islatzen duten hainbat filmetan parte hartu baitu.

Euskal zinemarekin duen harremanak bere filmografia markatu du. ’80 egunean’, Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak zuzendutako lehen filma, izan zen ikus-entzunezkoen munduan egin zuen lehen lana. Ondoren, besteak beste, ‘Lasa eta Zabala’ eta ‘Un otoño sin Berlín’ lanetan parte hartu zuen, eta, bereziki, ‘Ane’ filmak inflexio-puntua markatu zuen bere ibilbidean.

Azken urteotan, gainera, euskal ikus-entzunezkoaren funtsezko hainbat ekoizpenetan parte hartu du. Estibaliz Urresola Solagurenen ‘20.000 erle-espezie’, Alberti Gastesiaren ‘Singular’, Andrea Jaurrietaren ‘Nina’ eta Alauda Ruiz de Azúaren ‘Los domingos’ filmetan parte hartu du.

Euskadirekiko lotura galdu gabe sendotu du bere ibilbidea. Gasteizen jaioa, López Arnaiz Ortzai antzerki-eskolan trebatu zen aktore gisa, EHUn Publizitatea eta Harreman Publikoak ikasi ondoren. Eszenatokietan eman zituen lehen urratsetatik hasi eta azken aitortzetaraino, pertsonaia konplexuek eta publiko oso ezberdinekin konektatzeko gai den interpretazioak markatutako ibilbidea eraiki du.

Gure Zinema Sariaren laugarren edizioa

Gure Zinema Sariak Euskadiko ikus-entzunezkoen ekosistema indartzen eta gure zinema publikoarengana hurbiltzen laguntzen duten ibilbideak eta lanak aitortzen ditu. Patricia López Arnaizek Ramon Barearen lekukoa hartuko du; Bareak III. Gure Zinema Saria jaso zuen 2025ean.

Aurreko edizioetan ere aitortuak izan ziren Ane Gabarain, 2024an, eta Alauda Ruiz de Azúak zuzendutako ‘Cinco lobitos’ filma, 2023an. Horrela, sariak euskal ikus-entzunezkoen hazkundeari, ikusgarritasunari eta aitortzari laguntzen dioten ibilbide indibidualak zein talde-lanak balioesten jarraitzen du.