Ramon Bareak Gure Zinema Saria jasotzerakoan agindu du aktore lanetan jarraituko duela “testua ahaztu eta altzariekin estropezu egin arte”
Ramon Barea aktore, antzerkigile eta zuzendariak III. Gure Zinema Saria jaso du gaur Borja Cobeagaren eskutik, Donostia Zinemaldiaren baitan egindako ekitaldi hunkigarri batean.
Aktore bilbotarrak, hunkituta, aintzatespena eskertu du, eta agindu du aktore lanetan jarraituko duela “testua ahaztu eta altzariekin estropezu egin arte”.
Bareak bere hastapenak gogoratu ditu, Imanol Uribe eta Pedro Olea zinemagileen eskutik, eta maitasunezko hitzak eskaini dizkie bidelagun izan dituen aktore guztiei: Elena Irureta, Ane Gabarain eta Itziar Lazkano, besteak beste. Gainera, Alauda Ruiz de Azúa zuzendariarekin izandako lankidetza goraipatu du, zeinari esker Goyetarako izendatu zuten Bigarren Mailako Aktore Onenaren sarirako, Cinco lobitos filmagatik.
Cobeagak zuzendutako bost filmetatik lautan izan da Barea, eta lankidetza horren hainbat pasadizo partekatu ditu, baita aktorearen pertsonalitatea, profesionaltasuna eta moldakortasuna goraipatu ere. Eta Alizia Otxoa, EABko (Euskal Aktoreen Batasuna) idazkari nagusiak, adierazi du: “Ramon erreferente bat da, geure buruari begiratzeko ispilu bat, eta gure istorioak kontatzera bultzatzen gaituela”.