Ramon Bareak jasoko du III. Gure Zinema Saria, euskal zinema handi egiten duen talentua aintzatesten duena
Gure Zinema Sariak Ramon Barea aktore, antzerkigile eta antzerki-zuzendariaren ibilbidea aitortuko du aurten, hirugarren edizioan. ‘Cinco lobitos’ (Alauda Ruiz de Azua) filmagatik Goya sarietarako izendatua izan zen Barea, eta Espainiako Arte Eszenikoen Akademiako sortzaileetako bat eta ohorezko kidea da. Oso merezitako saria. Zorionak!
Sari honekin, Gure Zinemak aintzat hartzen du Bareak euskal zinemaren erreferente gisa duen papera, baita pantaila handiko zinemari egindako ekarpena ere. Ekitaldia irailaren 24an izango da, Zinemaldiaren 73. edizioaren barruan, Donostiako Kursaalen.
Borja Cobeagak emango dio garaikurra, biek konplizitate handia baitute. Izan ere, Cobeagak zuzendutako bost filmetatik lautan parte hartu egin du Bareak —‘No controles’ (2010), Negociador (2014), ‘Fe de etarras’ (2017) eta ‘Los aitas’ (2025)—. Gainera, ‘Éramos pocos’ (2005) Oscar sarietarako izendatua izan zen bere film laburreko protagonista ere izan zen, eta ‘Su majestad’ (2025) seriean ere esku hartu zuen aktore gisa.
Ramon Bareak inork ez bezala irudikatzen du gure zinemaren historia hurbila. Berrehundik gora ikus-entzunezko lanetan parte hartu du, eta eskuzabaltasunez egin du bere ibilbide profesionala, Euskadin errotuta eta mundura irekia. ‘La fuga de Segovia’, ‘La Muerte de Mikel’, ‘27 horas’, ‘Vacas’, edo ‘La Madre Muerta’ bezalako film ikonikoetan ikusi ahal izan dugu, baita ‘Obaba’, ‘La comunidad’, ‘Blancanieves’, ‘La herida’, ‘La higuera de los bastardos’ edo ‘Cinco Lobitos’ bezalako lan berriagoetan ere, adibide batzuk aipatzearren.