Ane Gabarain aktoreak zinemagintzako “langile guztiei” eskaini die II. Gure Zinema Saria

Ane Gabarainek zinemagintzako “langile guztiei” eskaini die II. Gure Zinema Saria, ikus-entzunezkoen industria osatzen duten lanbide guztiak banan-banan zerrendatu ondoren. “Hau talde-lana da, nahiz eta batzuek soilik agertu pantaila aurrean”. Elena Irureta lankide eta lagunak eman dio saria, eta Gabarainekiko maitasuna, konplizitatea eta miresmena adierazi du. “Zuk denerako balio duzu; oso harro nago zutaz, eta hain ondo pasatzen dugu elkarrekin lan egiten dugunean…”. Iruretaren hitzak etengabe eteten zituzten bi lagunen algarek, barreari eutsi ezinik.

Gure Zinema plataforma duela bi urte sortu zen, Euskadiko ikus-entzunezkoen sektoreko eragile guztiak batuta. Eta aurten, bigarrengoz, euskal sektoreak saria eman dio zinemagintzako ordezkari bati. Ane Gabarainek jaso du gaur eguerdian 2024ko garaikurra, arrakastaz beteriko ibilbideagatik eta euskal kulturari eta, zehazki, ikus-entzunezkoen munduari egindako ekarpen handiagatik. Iruretak gogora ekarri du elkar ezagutu zutenean bien artean sortu zen “lotura berezia”, eta laster konturatu zela “benetako laguna” lortu zuela.

Gabarain hunkitu egin da saria jasotzean, eta aitortu du ilusio berezia egin diola bere lankideak ematea. 40 urteko lanbidearen ondoren, ikus-entzunezko ekoizpen baten atzean dauden profesional guztien elkarlanari balioa eman nahi izan dio, eta eragile guztiak aipatu ditu: ekoizleak, gidoilariak, makillatzaileak, jantzien arduradunak, elektrikoak, laguntzaileak, gidariak eta teknikariak, besteak beste. Gainera, Euskadin zinemaren industria gero eta indartsuagoa dela azpimarratu du, eta zinemaren etorkizuna goretsiz amaitu du hizketaldia.

Aldez aurretik, Marian Fernández EPE-IBAIAko presidenteak gogorarazi du bi urte hauetan Gure Zinema Kluba 1300 harpidedunetara heldu dela. Pertsona horiek euskal zinema babesteko eta aparteko esperientziez gozatzeko interesa dute, besteak beste, filmaketez, proiekzio bereziez eta zozketez. Ekoizleen laguntzari esker, zozketen irabazleek gertutik ikusi ahal izan dituzte hainbat filmaketa: ‘La ermita’, ‘Una ballena’, ‘Nina’, ‘Soy Nevenka’, ‘Karmele’ edo ‘Singular’, besteren artean. Horrez gain, ‘A los libros y a las mujeres canto’, ‘Gelditasuna ekaitzean’, ’Nina’ eta ’Robotia’ filmen proiekzioetan ere parte hartu ahal izan dute.

Marian Fernandezen hitzetan, “Gure Zinema oraindik lehen urratsak ematen ari den arren, bide onetik doa eta helburu argiak ditu: Euskadin egindako filmak aretoetara eramatea”.

Iaz, ‘Cinco Lobitos’ filmak irabazi zuen I. Gure Zinema Saria eta Alauda Ruiz de Azua zuzendari eta gidoilariak jaso zuen garaikurra. Ondo merezia zuen saria pelikulak, hiru Goya irabazi eta ikusle ugari eraman baitzituen zinema-aretoetara. Gainera, gidoilarien lana azpimarratzeko balio izan zuen sariak. Hurrengo edizioetan ere, sariak Euskadiko ikus-entzunezkoen sektoreko profesional guztien talde-lanak eta banakako ibilbideak nabarmentzen jarraituko du.

Ane Gabarain
Ane Gabarainek (1963, Donostia) Antzerti antzerki eskolan eman zituen lehen urratsak aktore gisa. Hala, berrogei urte daramatza etengabe lanean antzerkian, zineman eta telebistan. Telesail ospetsuetan parte hartu du, bai Euskadin eta bai Estatuan: ‘Goenkale’, ‘Bi eta bat’, ‘Mi querido Klikowsky’, ‘Jaun ta jabe’, ‘Periodistas’, ‘7 vidas’ edo ‘Allí abajo’ telesailetan, esaterako.

Bereziki garrantzitsua izan zen ‘Patria’ telesailean egindako lana, bere antzezpen ikusgarriarekin publikoaren aitortza lortu eta Forque, Feroz eta Emmy nazioarteko sarietarako izendatua izan baitzen.

Film nabarmenetan ere parte hartu du: ‘La comunidad’ (Alex de la Iglesia), ‘800 balas’ (Alex de la Iglesia), ‘Loreak’ (Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga), ‘Fe de etarras’ (Borja Cobeaga), ‘La higuera de los bastardos’ (Ane Murugarren), ‘Agur Etxebeste!’ (Asier Altuna eta Telmo Esnal) edo ‘20.000 erle-espezie’ (Estibaliz Urresola Solaguren) filmetan, esterako. Hain zuzen ere, azken pelikula horretan, Lurdes pertsonaiagatik Feroz, Gaudi eta Goya sarietako izendatu zuten, eta Bigarren Mailako Emakumezko Aktore Onenaren Goya bereganatu zuen.

Bere ibilbidearen errepaso honetan, ezin dugu ahaztu antzerkian egindako lana, oparoa izan baita. Bere azken proiektuak honako hauek izan dira: ‘Mi hijo solo camina un poco más lento’, Fernando Bernuések zuzendua; ‘Todas las hijas’, Andrés Limaren zuzendaritzapean; eta Alfredo Sanzolenaren ‘La casa de Bernarda Alba’.

Gure Zinema
Gure Zinema duela bi urte sortu zen. Euskadiko ikus-entzunezkoen sektoreko eragileak biltzen dituen plataforma da eta, aliantza horren bidez, euskal zinema indartu nahi da, baita ikusleei abantailak eskaini ere euskal ekoizpenak pantaila handian goza ditzaten. Plataforma Donostiako Zinemaldiaren 70. edizioan jarri zen martxan.

Gure Zinemako kide dira Euskadiko ekoiztetxeen elkarteak, EZAE, EiTB eta euskal zinemaren gainerako familiartekoak: jaialdiak, kultura-erakundeak eta elkarteak barne; hala nola aktoreena eta gidoilariena. Gainera, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren laguntza du.